4.2. Gizarte zerbitzuak
Familietan eragin altua daukaten arloei lotuta, daukan pisu espezifikoagatik Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen bidezko gizarte zerbitzuen arauketa aipatu behar dugu. Horren elementu nagusia gizarte zerbitzuak jasotzeko eskubide subjektiboaren aitorpena da, herritarren eskubidetzat jo baita, ongizate-sistema publikoaren oinarrizko euskarri moduan.
Sistema hori erantzukizun publikoko prestazioez eta zerbitzuez osatuta dago; horiek mendetasunari, babesgabetasunari eta pertsonen, familien eta taldeen bazterketarekin lotutako premiei erantzuten diete, eta gizarte zerbitzuetako euskal sistemako prestazioen eta zerbitzuen katalogoan zerrendatuta daude (aipatutako legearen 22. artikuluan xehetasunez kontsulta daiteke).
Familientzako ondorioei dagokienez (landa-lanean jasotakoari jarraiki), merezi du mendetasun-egoeran dauden pertsonei arreta emateko prestazioak aipatzea, banakako laguntzatzat jotzen diren arren eragin altua baitaukate familiaren arloan. Izan ere, estaldura-maila altuagoaren edo txikiagoaren arabera eta erkidegoarekin daukan lotura estuagoaren edo lausoagoaren arabera, lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza bateratzeko laguntza hobeak edo txarragoak eskainiko dituzte.
Zentzu horretan, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen aplikazioaren egoera EAEn beste autonomia-erkidego batzuetan baino askoz ere eraginkorragoa izaten ari da. Dena den, txosten honen lanean, ezgaitasunen bat duten familiak ordezkatzen dituen hirugarren sektoreak oso era argian identifikatu du mendetasuna baloratzeko irizpideak zorrozten ari direla. Halaber, adierazi dute duela urte batzuk mendetasun-gradu altuak ematea eragiten zuten egoera pertsonalek intentsitate gutxiagoko graduetan baloratzen direla orain, eta gaur egungo irizpideak ez daudela argi.
“Ezgaitasunen bat duten pertsonen mendetasuna baloratzeko modua ez da egokia. Nire aburuz, irizpideak ez daude zuzen ezarrita. Bi kasu diferentetan diagnostiko berdinak edukirik, mendetasunaren balorazioei buruz lortzen diren berrikuspenak guztiz desberdinak dira. Diagnostikoak baloratzerakoan eta ezgaitasun– eta mendetasun-mailak finkatzerakoan nolabaiteko arbitrariotasuna igarri dut”.
(Gizarte-erakundeekin eztabaidatzeko taldea)
“Mendetasun-mailak arrazoi nabarmenik gabe jaisten ari dira, eta horrek esan nahi du prestazio ekonomikoak murriztu egiten ari direla, mendetasunak berbera edo handiagoa izaten jarraitzen duen arren. Lehen III. mailako mendetasuna zenari orain II. graduko balorazioa ematen zaio eta, beraz, pertsona horrek edozein motatako errekurtso gutxiago jasotzeko eskubidea dauka”.
(Gizarte-erakundeekin izandako elkarrizketak)
Aldaketa horren garrantzia funtsezkoa da, prestazioetarako eta gizarte zerbitzuetarako sarbidea edukitzeko ezinbesteko giltza delako. Pertsona bati mendetasun-maila jakin bat onartzen ez zaion heinean, ezin izango du haren bizi-kalitatea hobetuko duten (eta haren familiak bateratzeko dauzkan aukerak hobetuko dituzten) prestazioetara eta zerbitzuetara sarbiderik eduki. Halaber, zorroztasun horrek de facto prestazioen murrizketa dakar, herritarren zati batek ezin baititu eskuratu.